Kaleko ekintzen zatirik agerikoenarekin batera, terrorismoaren aurkako kontzientziazio-lan diskretu handia zegoen, argitalpenak, orri hegalariak, kartelak edo dokumentazioa sortzen zituena. Cristina Cuestak Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkarteak garatu zuen ekimen zehatz bat azaltzen digu. Komando Autonomo Antikapitalistek Enrique Cuesta, Cristinaren aita, erail zuten 1982ko martxoan Donostian. Urte batzuk geroago, bere hirian lehen erakunde bakezaleetako bat sortu zuen.
Cristina Cuesta. Terrorismoaren biktimen fitxategia
«1986ko maiatzaren 8an Donostiako herritar talde batek Euskal Herriko Bakearen Aldeko Elkartea eratu zuen. Hiriko erdigunean isilean elkarretaratzea erabaki genuen terrorismoak eta intentzio politikoko indarkeriak bizia kendu eta gizaki bat hil eta hurrengo egunean.
1986ko maiatzaren 22an lehen aldiz elkartu ginen, ETAk Arrigorriagan eraildako Manuel Fuentes Pedreira polizia nazionalarengatik. Egun horretatik aurrera ehunka salaketa ekitaldi etorri ziren, terrorismoaren biktimei elkartasuna adierazteko.
Sustatu genuen ekimenetako bat terrorismoaren ondorioen dimentsioa oso modu artisauan dokumentatzea izan zen. Biktimen errealitatea ezagutzeko, humanizatzeko eta kontatzeko beharra genuen.
Elkarteko kide batzuek aisialdian liburutegira joatea erabaki zuten, eta hemeroteka zerbitzuen bidez fitxa batzuk egin zituzten izen bakoitzarekin, biktima bakoitzarekin.
Ahanzturatik erreskatatu nahi genituen, bizi genuen tragediaren dimentsioaz jabetu nahi genuen.
Lana urteka banatu genuen. Lankide bakoitzak urte bat ikertzen zuen. Guztiak biltzea eta osatzen joatea zen helburua. Ekimenak gainezka egin zigun.»