MEMORIAL EREMUA


Ez erabili «esku libreak» aukera museoaren barruan.

 

Hau, Memorial Eremua da, eraikinaren erdigune bat. Ana María Vidal-Abarca gasteiztar aitzindariaren izena darama, Espainiako terrorismoaren biktimen lehen elkartearen bultzatzailearena. Ana Maríak Senideen Ermandadea sortu zuen, gaur egun AVT, 1980ko abenduan, ETAk hiri honetan bertan bere senarra, Jesús Velasco komandantea, hil eta hilabete gutxira. Haren alabak, Ana Velascok, familiak erakusketarako utzitako hainbat piezaren inguruko azalpenak ematen ditu.

Ana Velasco. Jesús Velascoren zorroa, txapela eta egunkari-zatia.

«Zorro bat, tiroz zulatua, balek hautsi zuten bihotzaren ondoan. Luzaroan ezkutatutako zorro bat, heriotzaren zuloak, absentziaren zuloak, minaren zuloak ez ikusteko.

Kontzientziak astintzen saiatzeko zorro bat, bihotz axolagabeak esnarazten saiatzeko, ez dakitenek jakin, ikusi, ulertu, erruki izan eta senti dezaten. Heriotzaren unea zorro batean. Krimena. Gaiztakeriaren ondorioa.

Txapela gorria, komandante izarra urrez brodatua, eta Arabako armarria eta leloa zituena, «Justizia areagotzen, gaizkileen aurka», militar batena, miñoi batena, Jesús Velascorena izan zen. Arabar eta espainiar sentimendua, integratua eta emankorra, gorpuzten zuen pertsona bat zen, guztion zerbitzura zegoena. Ezin izan zena sinbolizatzen du, gaizkileek eragotzi zutelako.

Gora Espainia!, oihukatu zuen airera Ana María Vidal Abarcak, zutik, bere senar erail berriaren hilobian. Eta egiak distira zezan egin zuen. Guztiek jakin zezaten Jesús Velasco Espainiako eta Arabako zerbitzaria zela. ETA talde hiltzaileak hil zuela, ez zuelako nahi militar bat Miñoien kidegoaren buru izatea. Hori izan zela arrazoi bakarra. Lortu zuten.

Eta bai. Tentsioa izan zen ehorzketan. Edo otzanki onartu behar ote dira asmo gaiztoz eta aurrez pentsatutako hilketak? «

Zure aurrean duzun José Ibarrolaren koadroan erabilera arrunteko tresna batek du protagonismoa. Euskal Herrian nonahi ikusten den objektua da aterkia. Zure ustez babesten zaituen zerbaiten metafora bihurtzen du Ibarrolak, baina ez du eragozten bustita amaitzea. ETAk 2000. urtean José Luis López de Lacalle bere laguna hil zuen lekuan ateratako argazki batean oinarritu zen artista. Biktima lurrean etzanda eta izara zuri batekin estalita zegoen, aterki gorri ireki baten ondoan.

Ikustaldiarekin jarrai dezakezu argizuloaren azpian instalatutako ikus-entzunezko murgiltzailearekin, bankuko eragiketa-patio zaharrean. Biktima batzuekin batera, eurak markatu zituzten atentatu terroristen agertokietara joango gara.