TERRORISMOAREN HISTORIA


Ez erabili «esku libreak» aukera museoaren barruan.

 

Hirugarren aretoan gaude: Terrorismoaren historia. Hemen gertaerak denboran eta espazioan finkatzen dira. Oroimenak biktimen sufrimenduarekiko enpatia sustatzen du. Baina Memorial hau Historial bat ere bada. Funtzio pedagogikoa du, eta Historia erabiltzen du azalpen-oinarri eta bizitza-maisu gisa.

Pieza nagusia 1960tik hasi eta gaur egunera arte iristen den kronologia bat da. Hiru alditan banatuta dago: diktadura frankista, trantsizioa eta demokrazia. Horien barruan, terrorismoarekin zerikusia duten gertaera garrantzitsuenak laburbiltzen dira: ETAren hasiera, Luis Carrero Blanco Gobernu frankistako presidentearen hilketa, Rolando kafetegiko sarraskia, M-11…

Terrorismoa ez da fenomeno lokala, ezta oraintsukoa ere. XIX. mendearen amaieran agertu zen bere forma modernoan, eta kontinente guztietako herrialdeei eragin die, 2001eko irailaren 11ko Estatu Batuetako erasoak bezalako mugarri basatiekin. Baina terroristek darabilten garaia edo aitzakia alde batera utzita, denek partekatzen dute printzipio bat. Haientzat, helburuak bitarteko odoltsuak justifikatzen ditu. Hala ere, Sebastian Castellion humanistak ohartarazi zuenez: «gizaki bat hiltzea ez da doktrina bat defendatzea, gizaki bat hiltzea baizik».

Informazioari eta testuinguruari buruzko atal hau hunkigarriagoa den beste batekin osatzen da: atzealdean, eskuinaldean, irekitzen den korridorean dagoen instalazioa. Bertan 1.451 disko daude sabaitik zintzilik, Espainian terrorismoak hildako biktimak adina. Horma gainean eraildako haurren erretratuak proiektatzen dira, errugabetasuna beste guztien gainetik pertsonifikatzen dutenak.