.
Barkamenik gabe filmean, Clint Eastwoodek antzezten duen pertsonaiak dio norbait hiltzean «duen guztia eta izan lezakeen guztia kentzen diozula». Manuel Reyes Mate filosofoak antzera laburbildu zuen: «Asko da hiltzen denean hiltzen dena».
Biktimen familia-bideoek interpelatu egiten gaituzte eguneroko bizitza erakusten dutelako atentatu bat jasan aurretik. Keinuetan, ezkontzetan, seme baten jaiotzan, txango batean, hobby batean, lagunekin izandako bileretan edo lorpen profesionaletan antzematen dugu elkar.
Bideo horiek ere bat-batean gertatutako absentziaz hitz egiten digute. Terrorismoaren biktimek zapuztuta geratu zen bizitza bat zuten, ez istripu baten erruz, norbaitek kendu nahi izan zielako baizik. Gu haien lekuan egon gintezkeen. Horregatik, Primo Levik esan zuen bezala, «gertatu zen horretan pentsatzea guztion eginbeharra da».
Erantzun guztiak eman beharrean, hiru galdera handiren inguruan hausnartzeko gonbita da erakusketa hau: lehenik, nolatan gertatu zen? Bigarrenik, zer egingo nukeen nik egoera horretan? Eta hirugarrenik, zer egin dezaket ez errepikatzeko?