GORROTO-MEZUAK


Ez erabili «esku libreak» aukera museoaren barruan.

 

Aurrera egiteko ezinbestekoa den ingurune batek laguntzen die erakunde terroristei. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua deiturikoa hainbat sektore-erakundetan banatzen zen, hauteskunde-koalizio batekin, HB, sindikatu batekin, LAB, edo gazte-elkarte batekin, Jarrai. Eremu horretatik, eta pegatinek erakusten duten bezala, gorroto mezuak zabaltzen zituzten, indarkeriaren erabilera goraipatzen zuten eta etsaitzat jotakoak estigmatizatzen zituzten.

Bere zerrenda beltzean Segurtasun Indarretako kideak zeuden, gizatasunik gabeko izaki bezala irudikatuak, aurpegirik gabe, zerriak bezala edo txakurrak bezala gauza bihurtuak eta karikaturizatuak. José María Calleja bezalako kazetari mehatxatuak ere bazeuden, ETAren aurkako konpromisoagatik nabarmendu zena eta 2020an koronabirusak jota hil zena. Seinalatzeak bidea urratzen zuen biktima komunitatetik kanporatzeko, fisikoki ezabatu aurretik.

Pegatina horien mezuak, eta beste euskarri mota batzuenak, hala nola kartelak, pankartak edo pintadak, Euskadiko eta Nafarroako eguneroko paisaiaren parte ziren. Pegatinak arropan eramaten ziren, eta ohikoak ziren herriko jaietan. Haietan talde antolatuak agertu ohi ziren, polizia erasotzen eta hiri-altzariak, kutxazain automatikoak edo autobusak suntsitzen. Kale borrokaren edo kale indarkeriaren garaia izan zen, ezker abertzaleak laurogeita hamarreko hamarkadatik garatutako estrategia, kontrol soziala errazteko eta bere aurkarien artean beldur giroa sortzeko.

1995eko martxoan, abertzale erradikalek molotov koktelekin eraso zioten Ertzaintzari Errenterian. Pegatinetako batek trofeo gisa erakusten du ekintza horren emaitza: furgoneta bat erabat suntsituta. Jon Ruiz Sagarna agenteak erredura oso larriak izan zituen gorputzaren % 60an. Bere emaztea, Ana Arregui, ikus-entzunezko murgiltzailean entzun dugu.