ONGI ETORRIA


Ez erabili «esku libreak» aukera museoaren barruan.

 

Ongi etorri Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentrora. Elkartzeko, hausnartzeko eta balio demokratikoak defendatzeko gune bat da hau, lau printzipio nagusiren inguruan: egia, memoria, duintasuna eta justizia.

«Egia» k esan nahi du terrorismoaren historia ahalik eta zorrotzen kontatzea, zer gertatu zen jakiteko. Hemen pedagogia egiten da eskura dagoen dokumentazioaren eskutik, biktimen ahotsa bera barne.

«Memoria» k lagundu egiten du intentzionalitate politikoko indarkeriaren bidegabekeria kontuan har dadin. Edozein mendeku gogo alde batera utzita, berriz ez errepikatzeko lezio zibiko gisa balio du.

«Duintasuna», hau da, biktimek inoiz galdu ez zutena, erasotzaileek estigmatizatzeko edo beren helburuak lortzeko erabiltzeko ahaleginak egin arren.

«Justizia» zigorgabetasunaren kontrakoa da; krimena egin duenaren erantzukizunak finkatzea da. Modu zabalago batean, erakunde demokratikoek eta gizarte osoak biktimek jasandako kaltea ahal den neurrian konpontzea dakar.

Memorialak dokumentazio-zentro bat, ekitaldi-aretoak, gela didaktiko bat eta erakusketa iraunkor eta aldi baterakoak dituen museo bat jartzen ditu erabiltzaileen eskura.

Erakusketa iraunkorra sei aretotan banatzen da. Horietan, gure herrialdean jardun duten terrorismoen kausak, garapena eta ondorioak jorratzen dira. Lehen aretoa, Hemen, atzo, harrera gune bat da. Hortik aurrera, biktimen begiradak lagunduko digu ibilbide osoan zehar.

Begirada errugabe horrek islatzen du gizaki batzuk zenbateraino izan daitezkeen krudelak besteekin. Beren helburuak lortzeko hiltzen zuten, dela lurralde baten independentzia lortzeko, ETAren kasuan bezala, dela eskuineko edo ezkerreko diktadura bat ezartzeko, dela xariaren, lege islamikoaren, bertsio bereziki zorrotz eta minoritario bat ezartzeko.

Hurrenez hurren Gasteizko Antzoki Nagusia eta Espainiako Bankuaren ordezkaritza izan zen eraikin hau, gaur egun Memorialen memoriala da. Jarraitu aurretik, interaktiboan Espainiako beste herri batzuetan terrorismoaren biktimei eskainitako monumentuei buruzko informazioa duzu.